Ugalkortasuna babestea, gaixo onkologikoentzat ere B aukera

 

cancer mama_ivf donostia_19 octubre

Urriaren 19a, gaur ospatzen da Nazioarte mailan Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna. Espainiako Onkologia Medikoko Elkartearen arabera, bularreko minbizia gehien diagnostikatzen den bigarren minbizi mota da munduan, eta Espainiari dagokionez laugarrena da, bi sexuak kontutan hartzen badira (emakumezkoen kasuan lehen postuan dago).

Bularreko minibizaren biziraute datuak % 20an hobetu dira azken ia 50 urteetan. Halaber, gora egin du diagnostikoa jaso eta 5 urteetara berriz ere ez gaixotzeko aukerak; 80ko hamarkadako bataz besteko % 70etik, gaur egungo % 90era.

Edozein modutan, minbiziak, eta zehatzago, minbizia sendatzeko gauzatzen diren kimioterapia eta radioterapia tratamenduek, gaixotasuna bizi izan duten emakumeetan ondorioak utzi ditzakete, horietako bat ugalkortasunari lotutakoa. Izan ere, tratamendu hauek emakumearen obulutegiaren erreserban eragina izan dezakete, obuluen akatsak sortu edota menopausia goiztiarra gertarazi. Ba al dago hori ekiditeko modurik?

Emakume bakoitzak tratamenduari nola erantzuten dion desberdina da, hortaz, aldez aurretik ezin dira ondorioak zeintzuk izango diren zehaztu. Edonola ere, Laguntza Bidezko Ugalketa zentroek gauza bat bermatu dezakegu: obuluetan eraginik ez egotea, eta hori ugalketa babesteko teknikari esker posible da.

Ugalketa babesteko teknikaren eraginkortasuna asko hazi da azken urteotan. Ikerketek diotenaren arabera, izoztutako obuluen biziraute tasa % 97koa da, eta ez dago obulu izoztuen edota freskoen tratamenduen arteko alderik.

Teknika hau kasu desberdinetan erabili daiteke. Emakume batzuk arrazoi onkologiko edo medikuengatik jo behar izaten dute teknika honetara, eta beste batzuen kasuan, arrazoiak sozialak dira. 2015etik IVF Donostian gauzatu ditugun ugalketa babesteen % 30a arrazoi onkologikoengatik izan da, eta horien % 100a bularreko minbizia duten emakumeak izan da.

Arraroa dirudi minbizia diagnostikatu dioten momentuan, emakume batek buruan bere etorkizuneko amatasuna izatea, ezta? Hala ere, Ander Urrutikoetxeak, egungo Onkologikoako zuzendariak, duela hainbat hilabete egin genion elkarrizketa batean halaxe zioen: “Ugalkortasuna babesteko aukera planteatzeak irakurketa bikoitza du: oso erabaki zaila da planteatzen den momentua kontutan hartzen badugu, baina, aldi berean, oso mezu positiboa da sendatze eta esperantzari dagokionez”.

Guk mezu positibo horren alde egiten dugu apustu, bertaratzen diren emakume guztiei, posible den neurrian eta haiek hala nahi badute, ugalkortasuna babesteko. Aurrera egingo dutela badakigu, eta guregana ez jotzeko beharra izatea espero dugu, izan ere, hori familia modu naturalean izan dutenaren adierazle izango baita. Edozein modutan, egun hori iritsi bitartean, guk beti esperantza hori gordeko diegu, euren B aukera.

Gaur, urriaren 19an, ezagutzeko aukera izan ditugun emakume indartsu horietaz gogoratzen gara eta, baita, egunero borrokan diharduten emakumeez ere.

Noticias recientes

Categorías

Ver todo